Berrirakurri eta gero, aurreko artikulua abstraktuegia zela konturatu dut. Beste artikulu hau irakurtzen (publizitatea eta euskarak daukaten harremanari buruz) adibide zehatzagoa ipintzea erabaki dut.
Demagun publizitate kreatibo erdaldunak garela, etengabe gure bezeroei liluratzeko ikusentzunezko sorginkeriak prestatzen. Demagun iragarki batean lanean gabiltzanean, gure mezua eraginkorragoa egiteko beste hizkuntzara jotzea erabakitzen dugula. Adibidez:
- Ingelesa erabili ahal dugu gure mezuari “nazioarteko” kutsu bat emateko…
- edo, frantsesera erabili ahal dugu sensualitate eta erromantikotasun puntu bat gehitzeko…
- eta… ¿euskara? Zer gehitzen diogu mezuari euskara erabiltzen dugunean?
Ba ez dago argi. Eta han dago gakoa. Ez dago argi Euskadi mailan, ezta estatu edo nazioarteko mailan ere. Euskara ez dauka marka irudi sendo bat gure burmuinetan. Beraz, kreatibo erdaldun horrek ez du inoiz erabiliko.
Hori bai, Euskarari buruz aurreritzi asko daude kalean. Nire ustez, aurreiritzi . Baina ez dakigu. Gertatzen dena da inork ez duela egin jarrera ikerketa aurreiritzi eta aburu horiek identifikatzeko eta kuantifikatzeko. Besteak beste, hauek burura etortzen zaizkit:
Denbora batean, euskara baserrian erabiltzen zen hizkuntza zen eta beraz euskara baserri-giroarekin lotutako hizkuntza zen. Baina guztiok dakigunez egoera hori erabat aldatu da azken hamarkadetan eta gaur egun hiztun gehienak hiritarrak dira.
Gizarte-eremu batzuetan euskara abertzaletasunaren sinonimoa da eta badago bere abertzaletasuna adierazteko euskaraz hitz egiten duen jendea. Lotura hau, existitzen bada ere, ez da oso eraginkorra izango gure xede-taldea unibertsalagoa izan nahi bada.
Nahitaez ikasi dutenen artean, nire ustez zorrozkeriaren irudia dauka hizkuntza, eta hizkuntzaren izenean aldarikapenak egiten dituzten guztiak. Hizkuntz eskubideen argudioa gehiegi erabili da eta argi dago hizkuntzaren kontrako iritziak sortu dituela argudio honek.
Momentu honentan ez dakigu zeintzuk diren aurreiritzi horiek edo zein den bere indarra. Euskara markatzat hartzen badugu, gure administrazioak lau pausu hauek eman behar ditu:
- Ikertu (hiru analisak proposatu nituen baina agian Euskararen irudiarena garrantsitsuena da aurreiritzi horiek identifikatu eta kuantifikatzeko).
- Estrategia finkatu (Euskarari Marka Identitatea sortu).
- Komunikazioa egin (orain arte bezain gogor, baina estrategia batekin).
- Kudeaketa (Euskara markaren kudeaketa: koordinazioa gehitu, akzio guztiak integratu, komunikazioa zelatatu eta Euskararen Irudiari buruzko aldizko ikerketak egin).
Agina orain pizka bat argiago geratu da.
Eguneratzea: Etxegoienen post-euskaldunaren hausnarketek oso ondo azaltzen dituzte Euskara Irudiaren (Identitatearen) arazo eta paradoxa batzuk.




4 comentarios ↓
Aupa Sergio,
Oso-oso interesgarria euskararen komunikazioaren inguruko ‘serie’ hau. Euskalgintzaren esparruan bigarren (edo hirugarren) mailako kontutzat hartu da komunikazioarena orain arte, baina badirudi horren inguruko kezka gero eta zabalagoa dela.
Euskararen irudia dela eta ez dela, aipatzen dituzun horiez gain, uste dut badagoela beste bat, euskal hiztun ez diren askoren artean ere nahiko zabaldua, bertokotasunarekin edo ‘geuretasunarekin’ oso lotua. Euskara ‘hemengoa’ da, ‘geurea’ da, neurri handi batean, hemengo floklorearen parte-edo da.
Baqué-ren kanpainak, esate baterako oso ondo erabili du ‘geuretasun’ hori. Inpresio hutsa da, noski, baina iruditzen oso ondo iritsiko dela hori euskaltzale bai baina euskaldun ez den jendearengana.
Bai zurekin ados nago. Agian “geuretasun” hori ez dago barneratuta hiztun-talde guztietan baina… bai, nik ere susmatu dut.
Nolanahi ere, ikerketarik gabe ez dakigu jarrera honen indarra edo zabalkundea.
Nik neuk, azkenotan gehien bat, jakin nahi nuke hizkuntzak ez ezik, euskaldunok ere zer-nolako irudi eta pertzepzioak eragiten ditugun ingurukoengan. Nola ikusten gaituzten, alegia: urrun, miresmenaz, beldurrez, lotsaz…
Nire iritziz norberaren aurreiritzietatik abiatuta izango da irudi hori, Benito. Aztertu behar dira baina gutxi gora behera sumatzen ditugu: katalan batzuentzat miresgarriak dira euskara eta hiztunak. Espainiar mesetario askok gaztelania arriskuan jartzen duen separatismo egoista batekin. Hemengo beste batzuentzat aldeano-atzerakoia (ikus Bertan Bilbo liburuan nola adibide frankorekin islatzen den Bilbotar erdaldunak euskaldunari buruz izan duen -eta duen- irudia). Eskolan derrigortuta eta tresna akademiko huts moduan jaso duenarentzat gorrotagarri xamarra da eta ez da identifikatzen…
Onartu behar dugu euskarak ez duela irudi onik lotzeko, ezpada bertokotasunaren hori. Baina badira beste irudi batzuk euskarak gutxi ematen dituenak baina garatu beharko liratekeenak: hizkuntzen ekologiarekin, (bio, kultura…)aniztasunarekin. Arazoa da euskaldun askok gure burua indigena moduko irudi batekin identifikatzen dugula baina beste batzuek inondik inora ez dutela horrela ikusten.
Dejar un comentario